Batera Gara elkartasun jaialdiak Gernika-Lumo hartuko du ekainaren 11n

logo arnasa sin fondo

Argitaratzailea fqeuskadi

16 Mar, 2023

Udalerria #OlatuLaranjaz betetzeko deia egin dute. Batera Gara elkartasun jaialdiaren aurtengo helburua, 2020an abiatutako ekimenari jarraipena ematea eta Fibrosi Kistikoa duten ume, gazte eta senideen “bizi kalitatea hobetzen” laguntzea da.

Batera Gara elkartasun jaialdiak elkartasunez beteko du Gernika-Lumo ekainaren 11n. Ekintzaz betetako eguna izango da, eta, oraingoan ere, fibrosi kistikoa duten ume, gazte eta senideen “bizi kalitatea hobetzen” laguntzea du helburu. “Bagatoz berriro. Azken elkartasun jaia bertan behera utzi behar izan genuen pandemiaren ondorioz, eta aurten, indartsu bueltatu gara”. 

Umeen gaixotasunei ikusgarritasuna eta laguntza ematea da Batera Gara elkartearen xedea, eta, horretarako, bizpahiru urterik behin antolatzen dute jaialdia. “Gaixotasunak dituzten ume eta gazteei laguntzeko eta gaixotasun horiek ezagutzera emateko eta gizarteratzeko ekimena da gurea”, adierazi dute elkartasun jaiaren antolatzaileek.

Hori dela eta, Fibrosi Kistikoa pairatzen duten umeei laguntzera bideratuko dute aurten batuko duten dirua, eta 2020an hasitako eta bertan behera utzi behar izandako helburua borobilduko dute; izan ere, Fibrosi Kistikoa sufritzen dutenen eta euren familien bizi kalitatea “hobetzea” zen eta da Batera Gararen helburu nagusia.

Hain zuzen ere, elkartasun jaitik lortzen den diru guztia, %100 Fibrosi Kistikoa pairatzen duten haur, gazte eta familien “bizi kalitatea” hobetzera bideratuko da, hurrengo programetarako: etxez etxeko arnas fisioterapia, arreta psikosozialerako programa, elikadura programa, eta gizarte langileen laguntza programa.

Formatu bera. 

Ekainaren 11n ospatuko da elkartasun jaia, eta aurreko urteetako formatua mantenduko da. Hala, herri lasterketa bat antolatuko da, baita elkartasun tonbolaz eta kontzertuez Pasealekua betetzekoa ere. Oraindik ere, lanean gaude, eta aurrerago xehetasun gehiago izango dituzue.

“Elkartasun jai erraldoia egitea da gure asmoa. Umeentzako jaia denez, puzgarriak jarriko dituzte, eta kontzertuak ere egongo dira. Horretarako lanean ari gara”, adierazi du Borja Del Rio antolatzaileak.

Kamisetak ere eskuragarri egongo dira, laranja kolorekoak, “ikusgarritasuna” emateko, eta Carlos Gangoiti kalean eskuratu daitezke, Baraiazarra musika tresnen dendaren ondoko dendan, bost euroren truke. Denda martxoaren 23an zabalduko da, arratsaldez; ordutegia zehazteke dago oraindik. Herritarrei #OlatuLaranjaren parte izateko deia egiten dugu: “Denon arteko jaia da, eta denon artean lortu behar dugu helburua”.

“Aurreko bi urteetan, arrakastatsua izan da jaia, eta aurtengoa bide horretatik joatea espero dugu. Gernikarrek eta ingurukoek elkartasuna adierazi dute beti, eta ziur gaude oraingoan ere egingo dutela”.

Batera gara

Beste albiste batzuk: AtbFinder kit-ak P. aeruginosaren aurkako antibiotikoak hobeto aukeratzen laguntzen die medikuei

Interesgarria izan daiteke

0 Comments